"Eguberriko Kantata"ren estreinaldia Barakaldon - Behotsik

“Eguberriko Kantata”ren estreinaldia Barakaldon

2017(e)ko abenduaren 12a
Eguberriko Kantata
PARTEKATU

Datorren abenduaren 28an, gure orkestrako kide den Borja Molláren Eguberriko Kantata estreinatuko dugu Barakaldoko Udalak antolatutako Gabonaldia ekimenaren baitan.

Behotsik orkestrarentzat momentu berezia izango da, izan ere, obra bat estreinatzea gutxitan egiten den gauza da. Gainera, hain oroitzapen ederrak sortarazten dizkigun Barakaldo Antzokia bezalako toki baten egiteak handiagoa bilakatzen du zirrara hori.

Jerusalem zaharretik Gorbeako magaletaraino, Eguberriko Kantata gabonetako eszena ohikoenetatik igaroko den bidaia sinfonikoa da. Ibilaldi honek, musikaren indar bakegilearen bitartez, data hauetan falta ezin den itxaropen, bake eta elkartze mezua igortzeko asmoa dauka, gabon-kanten lenguaia sinplea esanahi konplexuagoekin uztartuz, orkestrazio koloretsu baten eta armonia modulakorren babesean.

Horretarako, Galdakaoko Los Tonos Humanos ganbera abesbatzarekin bat egingo dugu, zeinekin pasa den denboraldiko Musika – Música jaialdian lan egin genuen.

Kontzertua doakoa izango da, baina sarrera hartu beharko da, gaurtik aurrera, antzokiko txarteldegian bertan.

Obra eder eta interesgarri honetaz gozatzeko eta urte amaiera ospatzeko aukera paregabea dela uste dugunez, gonbitea luzatzen dizugu eta bertan elkar ikustea espero dugu.