Manga musika Bilboko Manga eta Japoniar Kultur Azokan | Behotsik

Manga musika Bilboko Manga eta Japoniar Kultur Azokan

Salón Manga Bilbao
2019/06/13
PARTEKATU

Datorren ekainaren 21etik 23ra bitartean, V. Bilboko Manga eta Japoniar Kultur Azoka ospatuko dute Bilboko Euskalduna Jauregian, eta bertan parte hartuko dugu ekainaren 22an arratsaldeko 6etan emango dugun kontzertuarekin.

Ez da manga eta japoniar kulturaren munduan murgiltzen garen lehenengo aldia. Izan ere, pasa den denboraldian MoTsuKoRa elkarteak antolatutako XX. Manga eta Anime Jardunaldietan parte hartu genuen, eta berriki, pasa den urrian, Amorebietako Mangamore jaialdian ere kontzertua eman genuen.

Jende askorentzat guztiz ezezaguna izan daitekeen musika biltzen dute anime eta bideojokoek, baina behin ezagututa, abesti oso interesgarriak aurkitu ditugu. Kontzertu honetan, anime eta bideojokoetako kantu garrantzitsuenetako batzuk joko ditugu, asteburu horretan Euskalduna Jauregian sortuko den giro bereziari soinu banda jartzeko helburuarekin.

Azokaren inguruko informazio gehiago izateko eta ospatuko diren ekintza guztiak ikusteko, elkartearen webgunean sar zaitezkete. Bestela, ekainaren 22an, arratsaldeko 18:00etan, Bilboko Euskalduna Jauregian ikusiko dugu elkar, manga eta anime munduko soinu banda onenak entzuteko.

ERLAZIONATUTAKO GAIAK