Emakumeen eta beraien artearen Fair Saturday | Behotsik

Emakumeen eta beraien artearen Fair Saturday

Fair Saturday 2019
2019/11/7
PARTEKATU

Aurreko urteetan bezela, aurten ere datorren azaroaren 30ean ospatuko den Fair Saturday 2019 ekimenean parte hartuko dugu. Oraingo honetan, emakume musikari eta artistaren irudia nabarmendu nahi izan dugu, eta horretarako, “Emakumeak eta Artea: itzaletatik argitara” kontzertua prestatu dugu. Ongizatezko kontzertua izanik, egun horretan Deustuko Unibertsitateko Paraninfoan bildutako diru guztia Alboan GKEarentzat joango da.

“Emakumeak eta Artea: itzaletatik argitara” kontzertuak emakumea taula gainean jarriko du. Historian zehar, musikaren munduan ere, emakumea bigarren maila baten egon izan da beti, nahiz eta bere garrantziak eta kalitateak beste leku bat merezi duen. Horregatik, aspaldiko eta gaur egungo musikariak ekarri nahi izan ditugu kontzertu honetan. Anne Dudley, Florence B. Price, Rachel Portman, Lady Gaga, Pinar Toprak eta Lisa Gerrarden musika joko dugu, eta Nerea Alberdi eta Paula Olaz euskal konpositore gazteak gurekin izango ditugu beraien obrak zuzentzeko.

Baina dena ez da musika izango. Emakume artista ere presente egongo da, eta kontzertuan zehar emakume gehiago igaroko dira oholtzatik, bakoitza bere artea erakutsiz: pintura, dantza… Pixkanaka iragarriko ditugu nortzuk egongo dira gurekin.

Fair Saturday mugimenduaren baitan

Fair Saturday artistek eta kultura-elkarteek garatutako kultura eta giza izaerako mugimendu globala da. Artista eta kultura-elkarte hauek azaroaren azken larunbatean modu masiboan jardungo dira ekitaldi bakoitzarekin GKE edo proiektu sozial bat bultzatuz.

Aurreko urteetan Ha Ha Tay – son risas de Gandiol edo Vass Sanfilippo Euskadi bezalako elkarteekin lan egin ondoren, aurten Jesusen Lagundiak bultzatutako Alboan elkartearekin bat egingo dugu. Elkarteak munduan desberdinkeriak sortzen dituzten bidegabekeriak salatuko dituzten herritar globalak prestatzeko lan egiten dute, guztion ongia sustatuz eta bai tokian-tokian bai globalki pobrezia sortzen duten egiturak eraldatuz.

Aipatu behar dugu, Fair Saturdayk beti eman digun laguntzaz gain, aurten Laboral Kutxa ere egongo dela gure ondoan, kontzertu hau aurrera eramateko behar den azpiegitura guztiarekin lagunduz.

Beraz, ez ezazu sorpresaz beterik egongo den kontzertu hau galdu, eta etor zaitez Fair Saturday 2019 egunera, datorren azaroaren 30ean, arratsaldeko 7:30ean, Bilboko Deustuko Unibertsitateko Paraninfora, elkarrekin gure gizartean hain beharrezkoa den kultura bultzatzera.