Corazón de Tango, gure etxetik zuentzako oparia | Behotsik

Corazón de Tango, gure etxetik zuentzako oparia

2020/04/18
PARTEKATU

Etxean gaude, baina ez gaude geldirik. Covid-19 birusak eragindako egoerak bultzatuta, hilabete bat baino gehiago daroagu etxean sartuta eta entsaiatu gabe. Arraroa da larunbat arratsaldeetan entsaiatzera ez joatea, elkarren aurpegiak ez ikustea… Arraroa, eta gogorra ere bai.

Horregatik, zeozer berezia egitea pentsatu genuen. Symphonic Rock Tour 2.0 biraren baitan Pozalaguako Auditoriumean eman behar genuen eta zoritxarrez bertan behera gelditu zen kontzerturako prestatu genituen partituren artean bilatu, eta Doctor Deseoren Corazón De Tango abestia hartu eta gure etxeetatik grabatu egin dugu. Esan beharra dago, abestiaren moldaketa hau Fernando Velázquez euskal konpositoreak Euskadiko Orkestrarentzat egindako moldaketa zoragarrian oinarrituta dagoela.

Horrela, bakoitzak bere etxean partitura hartu, mugikorraren aurrean jarri eta grabatu egin du bere zatia, gero Unai gure kideak dena nahastu eta bideoa montatzeko. Ahotsa, gurekin hainbeste aldiz lan egin duen Aitor Fernández gure lagunaren lana izan da, betiko moduan bere arte eta alaitasuna emateko prest egon dena.

Guzti honen emaitza, goiko bideoan dagoen lana izan da, gure etxeetatik zuontzako oparia, bizitzen ari garen une zail hauek alaitu eta arintzeko helburuarekin. Espero dugu zuen gustukoa izatea. Laster arte.

ERLAZIONATUTAKO GAIAK