Iparraldeko Haizeak, Bertatik Bertara 2020 programan hautatua | Behotsik

Iparraldeko Haizeak, Bertatik Bertara 2020 programan hautatua

Bertatik Bertara Tan Cerca Fair Saturday 2019
2020/07/30
PARTEKATU

Polita da egiten duzun lana baloratzen dizutenean, eta horregatik, pozez zoratzen gaude berri honekin. Bertatik Bertara 2020 programan aurkeztu dugun Iparraldeko Haizeak proiektua aukeratu dute urtero ematen duten laguntza jasotzeko. 2020ko abenduan bi kontzertu emango ditugu Coro Joven de Santander abesbatzarekin batera, bana Santanderren eta Bilbon, musikaren bitartez industria-iraultza ezagutuko dugun ikuskizunarekin.

2016. urtetik aurrera, Bilboko Udalak, Kultura Sailaren bidez, eta Santandarreko Udalak, Santander Creativa Fundazioaren bidez, bi hirietako kulturaren alorrari bultzada eman eta babesa erakusteko, Bertatik Bertara laguntza programa antolatu izan dute. Horrela, urtero 40.000 euro bideratzen dituzte bi hirietako diziplina artistiko desberdineko eragileek diseinatutako proposamenak posible egiteko.

Duela pare bat hilabete, aurtengo Bertatik Bertara 2020 programa honetan parte hartzea erabaki, eta Coro Joven de Santander abesbatzarekin harremanetan jarri ondoren, Iparraldeko Haizeak ikuskizuna prestatu genuen.

Proiektuak musika-ikuskizun berritzaile bat aurkezten du, musika haritzat duen historia baten bidez industria-iraultza aurkitzera daramana. Antzerki musikala, zartzuela eta folklorea uztartzen dituen ikuskizuna Santanderren girotuta dago 1892an, eta Mikel gaztearen istorioa kontatzen du. Mikel Santanderreko badian hondoratzen den euskal arrantza-ontzi batetik bizirik atera den bakarra da. Abentura ugari biziko ditu XIX. mendearen amaierako industria-gizarte hasiberrian.

Joan den uztailaren 21eko bilera telematikoan, Bilboko Udaleko eta Santander Creativa Fundazioko ordezkariek osatutako epaimahaiak lau proiektu aukeratu zituen. Horien artean, eta lehenengo postuan, gure proposamena. Horrela, 10.000 euroko laguntza jasoko dugu proiektua aurrera eramateko eta hiri bakoitzean emango dugun kontzertu banaz gain, mahainguruak antolatzeko.

Kontzertuak Santanderren eta Bilbon Coro Joven de Santander abesbatzarekin

Iparraldeko Haizeak ikuskizunaren bi kontzertu egingo ditugu urte amaieran, bana hiri bakoitzean, beti ere Covid-19ak sortutako osasun egoerak ahalbidetzen badu. Kontzertu bakoitzaren aurretik, mahaingurua egingo da hiri bakoitzeko adituekin, ikuskizunean gertatuko den guztia ulertzeko aukera emateko.

Gure ondoan Coro Joven de Santander abesbatza izango dugu. César Marañónek zuzendutako abesbatza hau, kalitatezko gazte abesbatza bat eratzeko eta Kantabriak zeukan gabeziarekin amaitzeko helburuarekin jaio zen 2017an.

Beraz, prestatzen ari garen Iparraldeko Haizeak ikuskizunaren parte izango diren kontzertu eta mahainguruen data eta tokien berri izan nahi baduzu, adi egon zaitez gure sare sozialei. Espero dugu osasun egoerak proiektua aurrera eramateko aukera ematea, eta Bertatik Bertara 2020 programan saritua izan den Iparraldeko Haizeak zuengana heltzea.